SARRERA

SARRERA

Blog honen bidez nere helburua Berastegi eta bere inguruko natura eta historia jorratzea izango da.

2014(e)ko abuztuaren 20(a), asteazkena

BERASTEGIKO PAISAIAREN ALDAKETAK

Irudi hauetan ikusi daiteke Berastegi herriaren garapena. Denboraldiz-denboraldiz eduki dugun ikuspegia berdea izan dela gure herria, ez da hain zuzena. Antzinean industrializazioa baino lehenago, baserriko jarduera nekazaritzan egokitua zegoenez, artoa, garia, garagar eta arbia lantzen ziren.
Etxe ondoan baratzak edukitzen ziren, belardiak eta sagarrondoak landutako lurretatik urrun eta larreak berriz mendietan egoten ziren. Abeltzaintza berriz bigarren jardueratzat jo izan zen, gehien bat nekazari lanetan zama garraiatzeko eta lan astunetan erabiltzeko.
Gaur egun, gauzak asko aldatu dira, ihadanik ez da lantzen garirik eta artorik. Abeltzaintza eta nekazaritza bigarren jardueratzat dauzkagu. Industria da lehen errekurtso ekonomikoa eta baserria bigarren errekurtso ekonomikotzat daukagu. Baserrietan berriz, abere gutxi dago, gehienbat ardiak daude inguruko belardiak garbi mantentzeko etabar. Aktibitate aldaketa honek gure herriari berdetasun hau ekarri dio, baina aurreko mende haseran ikus daiteke desberdintasuna.

1954
1957
1991
1997
2013







2014(e)ko abuztuaren 7(a), osteguna

OLLOKOKO TXAKURRA

Ba omen zen Ollokoko errotan sen handia eta usaimen hobea zituen zakur bat,  azeri eta mendiko katuek harrapa ez zitzatzen, oilategia eta oilaskoak ederki zaintzen zituen zakurra.

Gauero, azeri zahar bat jaisten zen oilasko bila Alloarre menditik izotzaldera. Azeri hark ederki ikasiak zituen sabela betetzeko trikimailu guztiak. Egunak argitzerako, Alloarreko zulora itzuli baino lehen, Ollokoko oilategitik pasatzen zen azeria, hurrengo eguerdiko bazkarirako hango oilaskoren bat harrapatzea amesten baitzuen.


Baina hara hurbiltzen hasten zenerako, errotako zakurrak sumatzen zuen eta atzetik zaunkaka zuela, ziztu bizian bidaltzen zuen haren ezkutalekuraino sastraketan barrena. Hanka arinei esker lortzen zuen alde egitea azeriak, artzain- zakur hark harrapatuz gero, berehala txikituko zuen.

Zakurrak, azeria ezustean harrapatu nahian, inon diren amarrukeria guztiak asmatzen zituen, baina hura baino azeriagoa izan, denak asmatzen zizkion azeriak.

Bidebazterreko sasi artean ezkutatuta itxaron zion gau oso batean, baina azeriak ikusi zuen nola zegoen zakurra makurtuta, eta beste aldetik oilategira hurbilduta, oilaskorik gozoena lapurtu zion.

Beste behin, ilundu baino lehen, laster aterako zela eta, azeriaren ezkutalekutik berta gorde zen zakurra. Azeria konturatu egin zen, ordea, han zeukala zain, eta beste zulo batetik aterata, ederki hustu zuen oilategia.

Beste zenbaitetan, oilategian bertan gordetzen zen zakurra goizaldera arte. Halakoetan, arrimatu ere ez zen egiten oilategira, zakurrak bezain usaimen ona izaki azeriak.

Errotariak ere jartzen zizkion tranpak eta zepoak, hala ere, zepotik kanpo ateratzen zen jaki guztia harrapatu eta tranpa ukitu ere egin gabe alde egiten zuen azeriak. Pozoindutako jakiren bat jartzea ere alferrikakoa izaten zen, urrutitik usaitzen baitzuen pozoina eta, hanka altxata, pixarraka eginda lasai ederrean urruntzen zen handik.

Nagusiak ezin jan hazitzen zituen oilaskoak eta zakurrak ezin karraskatu hezur gozoak, ia erotzeraino eraman zituen biak azeri maltzurrak; izan ere, jateko zeuzkaten oilo eta oilasko gizenenak eramaten zizkien.

Hala, burutazio batekin zebilen jira eta bira zakurra, egunak eta gau luzeak eman zituen plana ondo lotzen: oilategira hurbiltzeko azeriak gustukoen zuen bide bazterrean geratuko zen etzanda, hankaz gora, betilerik ere mugitu gabe, hilda balego bezala. Zakurrak azeria balitz bezala pentsatzen zuen. Beti gorrotatu izan zuen zakur gaiztoa bide bazterrean hilda ikusiko zuen azeriak, eta hala zela ziurtatzeko hurbildutakoan, salto batean lepotik helduko zion bere hortz zorrotzekin.

Egun osoan lo egin zuen gauean logurerik ez izateko, eta ekaitz beldurgarriko gaua aukeratu zuen bere heriotza antzezteko.

Bazekien gauerdia baino lehen ez zela azalduko, eta euri jasa ari zuela bide zaharrerantz abiatu zen. Goroldioz betetako losa gainean etzan zen, ahalik eta goxoen egoteko. Ordu bata aldera hantxe jarri zen ahoz gora hildakoarena egiten. Gaueko ordu luzeetan zirkinik ere egin gabe egon zen, hankek kalanbreak ematen zizkioten, baina nahiz eta hezurretaraino blai eginda egon eta hotzak akabatzen, ile bakar bat ere ez zitzaion mugitzen. Goizaldeko laurak aldera, sudur zuloetan barrena kiratsa ekarri zion brisak.

- “Hor ote dago?”- xuxurlatu zion bihotzak, eta geldi-geldirik egoten saiatu zen. Haizeak garbi ekarri zizkion belarrietara udaletxeko erlojuaren lau kanpai-hots baxu eta, ondoren, beste lau ozen eta indartsu.

- “Zentzuzko ordua piztiak euren zuloetara itzultzeko”- esan zion barrenak, baina denbora luzea pasa zen azeriaren zantzurik sumatu gabe. Berriro ere haize bolada batek aurreko kirats ezagun eta berezia ekarri zion arte; ez, ordea, lehengo alde beretik, bestetik baizik.

- “Hor ote dago?”- esan zion berriz ere bihotzak, eta lehen baino intentzio handiagoz egin zuen hildakoarena. Pasa zen denbora inongo zantzurik gabe. Halako batean, beste haize bolada batek azeriaren kirats nazkagarria ekarri zion sudur zuloetaraino, eta doministikuka ez hasteko arnasik hartu ere egin gabe egon behar izan zuen.

- “Hor daukazu aurrez aurre”- ohartarazi zion bihotzak taupadak azkartuta, “geldi, geldi”, esaten zion barrenak. Sastraka artetik, ilunpetan, azeria zelatan zuen eta hanka bat poliki-poliki altxata, noizean behin pausu txiki bat ematen zuen aurreraka, ondoren, ekaitzaren zarata artean, kanposantuetako isiltasuna zabaltzen zen.

Gau ekaiztsu hartan laino itxia besterik ikusten ez bazen ere, sastraka artetik bide erdira itzal ilun bat jaitsi eta bera zelatatzen ari zela sumatu zuen. Haizeak sudurretara zekarkion kirats nazkagarriak ere horixe ematen zion jakitera.

Zakurrari senak esaten zion itzal hura, urrats txiki isil bakoitza eman ondoren, begira geratzen zitzaiola tarte luzean.

Halako batean, belarrietara auri txiki bat ailegatu zitzaion. “Geldiago!”, agintzen zion barrengo ahots gogor batek. “Hor aurrean duzu, baina zaude geldirik!”.

Isiltasuna zabaldu zen berriro ere eta, ondoren, auri indargabe batek burrunba egin zion belarrietan. Segidan, berriz ere isiltasuna, aurien ondoren zakurra ez zitzaiola segika hasi eta hankaz gora jarraitzen zuela ikusita. Benetan sinetsi zuen azeriak zakurrari heriotza ailegatu zitzaiola, eta konfiantza osoarekin aurrean jarri zitzaion itzala azken agurra emateko. Ezin ezkutatu barruan zuen poza, aurrez aurre jarri eta saltoka hasi zen azeria, Azeri-dantza  izeneko dantza eskaintzen ziolarik azken omenaldi gisa.


Dantza bukatuta, azken otoitza egin zion: “Zenbat amorrazio eman dizkidazun! Zenbat susto, korrika-saio eta estualdi! Orain, apaizak bezala, intzentsu usaintsu artean, ur bedeinkatuarekin eta organoaren puzker-soinu eta guzti egingo dizut hildakoen azken eskaintza mutur gainean kaka eginda”. Esan eta egin, hanka altxata ur bedeinkatu zorrotadaz busti zuen eta, makurtuta jarrita, indarka hasi zen muturrean kaka egiteko. “Hau duk nirea!”, esan zion barneko ahotsak zakurrari, eta bat-batean, gaztari helduko balio bezala, hortzak eta haginak sartu zizkion azeriari ipurtaldeko haragian.

Azeriak garrasi latza egin zuen estualdi hartan, eta biak borrokan hasi ziren auri eta marmar artean. Halaxe, errekaraino iritsi ziren bueltaka. Azeriak indarrez tiratzen bazion ere, ezin zuen ipur-masailetik askarazi zakurra, eta gero eta ubeldu gehiago, urratu eta zauri sakon zituen isats inguruan.

Adar lodi batean harrapatuta geratu ziren halako batean, bata bestearen ondoan, azeriak sekulako indarrez tiraka egin zuen, eta zakurraren hortz artean utzi zuen isatsa, inguruko haragi guztiarekin batera. Bere burua libre ikusita, aitaren batean, ziztu bizian, sastraka artean ezkutatu zen mendian gora uluka eta aurika.

Goizak argitzean, errotariaren aurrean blai eginda azaldu zen zakurra, hortz artean borrokan irabazitako saria zuela. Sekula ezagutu gabeko gosaria eman zion nagusiak egun hartan: haragiz betetako platera eta, postrerako, eltzekada esne taloarekin.

Handik aurrera oilaskorik ederrenak jan ahal izan zituzten biek, nagusiak haragi mokadu samurrenak eta zakurrak hezur goxoenak, haien muinekin batera. Ez baitzen gehiago agertu azeria oilaskoak lapurtzera; akaso, isatsa errotik ateratakoan, zauria gaiztotu egingo zitzaion eta, ezin miazkatuta, gangrena beltza zabaldu egingo zitzaion eta bere kobazuloko hilobian geratuko zen betiko lurperatuta.